GERO-REN
I .
IRAKURRALDI ETENIK GABEA
2008.
06.19
08:00
– 20:00
ARRIAGA
ANTZOKIA
Antolatzailea
: ELKARLAN (Bilbo
Zaharra, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala euskaltegiak).
Aurten
burutuko da lehenbizikoz Gero-ren irakurraldi etenik gabea. Jakina denez,
Pedro de Axularrek idatzitako liburu hau 1643ean argitaratu zen Bordelen.
Hizkuntza landu denetan egon ohi dira obra buruzagi batzuk, hizkuntza
horietan goia jo dutenak, gorengo maila erdietsi dutenak. Guk horrelako
obrarik izan baldin badugu, Axularren Gero da, segur baino segurago,
horietako bat. Euskara jator oparoa borborrean dariona. Liburu klasikoa,
gure artean klasikorik baldin bada.
Hiru urte dira ELKARLANeko euskaltegiok ikasturtearen amaieran “ikasleen
jaiak” antolatzen hasi ginela. Ospakizun-ekitaldi honen helburua argi
eta garbi egon da hasieratik: ikasleen ahalegina, esfortzua eta dedikazioa
txalotu eta omentzea, hain zuzen ere. Bi urte hauetako balantzea eginez,
“euskara ikasleen jaiak” arrakastatsuak gertatu direla esan behar, hala
egitarauari berari, nola jendearen partehartzeari dagokionean.
Aurrerantzean
ildo beretik jarraitzeko asmoa dugun arren, aurtengo jaiaren egitarauan
kultur saio berezi bat sartu dugu, eta agian merezi du pare bat hitz
esatea berrikuntza honen gainean. Aipatu saioa honakoa da: Axularren
“Gero” osorik, ozenki eta publikoaren aurrean irakurtzea. Gure ustez
saio hau egoki baino egokiago lotzen zaio jaiaren planteamenduari. Arrazoi
ugari eman genezake gure erabakiaren alde. Adibidez:
Gero-ren balioa .
Hona, besteak beste, Aita Luis Villasanteren iritzia: “Axular izan
da euskal prosaren benetazko kreatzailea”.
Gero-ren ludikotasuna .
Hona Luis Gutiérrez Larrea irakasleak, Guero-ren irakurketaren
alde, bere Euskararen irakaskuntza eta literatura izeneko
txostenean idatzitakoa: “Idazleak hizkuntzarekin jolastea maite duen
bezala, gozatu eta gozarazi, hiztun soilak ere maite du hizkuntzarekin
jolastea. Hizkuntza baten ikasleari _ikasle helduaz ari naiz beti
ere_, umeari bezala jolastea gustatzen zaio eta aukera hori ukatzen
baldin badiogu, ikasteko motibazioaren zati handi eta garrantzizko
bat ebatsiko diogu. Zurruntasun gehiegizkoa, soberazko zorroztasuna,
mesedegarri barik, kaltegarri gertatzen zaio hizkuntzari. Haurtxoak
bezala, hizkuntz ikasle helduak ere hitzak asmatu, hitz jokoak egin
(bi hizkuntzak, amagandik jasoa eta ikasi berria, elkarrekin nahastuz
askotan) eta adierazpide berriak sortzea maite du”.
Gero-ren kolorea .
Honako galdera erretorikoa egiten zuen behin Duvoisin kapitainak Louis
Lucien Bonaparte printzeari bidalitako gutun batean:
_Zer duen Axularrek besteek ez dutena?
Eta
berehala erantzuna:
_Kolorea, kolorea!
Gero-ren homologazioa .
Hona berriro ere Luis Gutiérrez Larrearen hitzak: “Gaztelaniazko
hiztunen artean inor gutxik jarriko du zalantzan Urrezko Mendeetako
(XVI-XVII) idazleen irakurgarritasuna (Garcilaso, Quevedo, Góngora,
Lope de Vega, Calderón, Cervantes,...). Edozeinek irakurtzen
ditu haien liburuak eskola txikian (egokitzapenak) zein ikastetxe,
institutu edota unibertsitatean ere”. Gauza bera esan liteke frantsesezko
hiztun eta bertako idazle klasikoen (Montaigne, Racine, Rabelais,
Moliere,...) arteko harremanei buruz. Gainera, ez da ahaztu behar
Cervantes, Shakespeare eta Axular garaikideak izan zirela.
Gero-ren pasarte gogoangarriak.
Asko dira, izan ere, Axularren liburuan datozen pasarte gogoangarriak.
Hona perla bat, etsenplu gisa: “Baldin egin baliz euskaraz hanbat
liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta
hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere,
eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak”.
Gero-ren irakurleaz .
Axularrek honela azaltzen du norentzat idatzi duen liburua: “Eztut
liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakitenentzat
ere”. Koldo Mitxelenak dioenez, Axularrek “euscararic baicic etciaquitenac”
zituen begiz joak. Eta hona ondorioa: Axularrek irakurtzaileentzat
idatzi zuen, irakurtzen zekitenentzat, beren ahoz ez besterenez irakurtzen.
Eta irakurtzaile horien artean baziren, bat baino gehiago, erdararik
ez zekitenak.
Gero-ren aberastasuna .
Hala dio Luis Gutiérrez Larrea irakasleak, klasikoei buruz
ari dela: “Batzuek pentsatuko dute euskararen edo, bera bezala, kinka
larrian dagoen edozein hizkuntzaren egiazko arazoa ez dela pobretzea
ala aberastea, aldez edo moldez irautea baizik. Baina bizitzea egokitu
zaigun mundu honetan irauteko ezinbestekoa da lehiakor izatea, eta
auzoak eskaintzen badigu zilarrezko ontziteria oso bat, nola askietsi
zurezko plater ziztrin bat?”.
Gero-ren irakurleak eta laikotasuna
. Koldo Mitxelenak ematen
digu azalpena: “Axularren liburua ez da elizgizonentzat egina, laikoentzat
baizik, munduan bizi den jendearentzat. Bestalde, eta oro har egingo
genuke aski ugari aurkitzen zela horrelako jendea XVII. mendeko Lapurdin,
batez ere lurrean bizi ziren laikoen artean”.
Gero da lehenengo liburu burjesa ,
hots, hiritarra, kaletarra. Hala dio Koldo Mitxelenak: “Nik esango
nuke burjes izpiritua Axularrengan agertzen dela, eta burjesen artean
zabaldu zela haren liburua. Garai hartan gutxi gorabehera Donibanek
eta Ziburuk elkarrekin Bilbok adina bizilagun zuten. Guk oraingo gauzak
dauzkagu gogoan eta ez dugu sekula pentsatzen gauzak orduan nola ziren”.
Gero-ren egilea alegiazko pertsonaia
bihurtua . Xamar idazleak
honela hitz egiten du honetaz Orhipean izeneko liburuan: “Axularren
figura bera fama handikoa zen bere herritarren artean, hainbesteraino
non ipuinetako pertsonai bilakatu baitzuten eta ez edozein, ahalmen
handikoa baizik; beraz, literatura idatziaren idazlerik handienetako
bat, handiena ez bada, ahozko literaturara iraganarazi zuen herriak”.
Gero-ren estiloa .
Axularrek berak honako galdera erretorikoa egiten du bere estiloaz
hitz egiten: “Zein zaldi da on edo hobeago, geldirik eta alferrik
bere plazerera dagoena, ala ibiltzen eta manaiatzen dena? Zein untzi,
kostan dagoena, ala itsasoan dabillana? Zein ur, geldia ala lasterra?”.
Axularren estiloa deskribatzerakoan, bi ezaugarri azpimarratzen ditu
Joan Mari Irigoienek: "arnas luzeko esaldiak eta dotorezia handia".
Idazlearen iritziz, pentsamenduak adierazteko estilo hori galtzen
ari da, ez bakarrik euskaldunen artean, bizimodu modernoak dakarren
azkar bizi beharrararen ondorioz, "XXI mendean hain azkar bizi
gara pentsatzeko astirik ere ez dugula, denok horrelako joera baitugu".
Hori dela eta, "pausa bat egin behar genuke pentsatzen hasteko
eta parada ezinhobea izan dezakegu halako batean gelditu eta Axular
irakurtzen hasten bagara".
Gero-ren erreferentziak .
Koldo Mitxelenaren iritzian, Axularrek autore greko eta erromatarrak
hautu zituen maisutzat, eta ez hizkuntza gaietan bakarrik. Autore
zahar haiek nork-nahi bezain ongi ezagutzen zituen, eta haiengandik
hamaika gai, esaera, ipuin eta gertakari hartu zituen eta euskaraz
eman.
Gero-ren estiloaz bigarrena .
Koldo Mitxelenak honela azaltzen du kontu hau: “Axularrek bere kideei
esaten zienak badu oraindik ere indar eta mami. Gizona eta gizartea
ederki ezagutzen zituen; bazekien ere zer komeni zaion egitea gizonari
lurrean ahalik ongien bizitzeko eta betiko bizia eskuratzeko. Zekiena
adierazteko, berriz, zenbat gogoeta sakon, zenbat hitz zorrotz, zenbat
aukerako etsenplu! Ez zaitu, ez, aspertuko haren sermoiak, ez baita
bizpahiru lagun elizkoirentzat bakarrik ari, guztiontzat baizik: ordukoentzat
eta gaurkoontzat. Guztiok aurkituko dugu zer ikasi”.
Gero eta tradizioa .
Koldo Mitxelenarenak dira honako hitzak: “Ez da asko, zernahitarako
izateko, hizkuntza bat herriz herri ibiltzea: aldiz aldi eta garaiz
garai ere ibili behar du, herrietan barrena eta denboretan barrena
egin dituen ibilaldietatik aberastasun ugari jasotzen baitu. Batez
ere, Aita Villasantek ederki dioen bezala: “Guerok beti dakar antzin-aldiko
kutsu berarizko hori, oihartzun hori, eta horrek, arno zaharrari bezala,
prestutasun bihurtzen derauko”.
Gero-ren estiloaz hirugarrena .
Patxi Salaberrik Axularren estiloa aztertu zuen Axularren prosa,
erretorikaren argitan liburuan. Bere hitzetan, "Axularrek
esperimentatu egin zuen euskararekin", horregatik "garrantzitsua
izan berrikuntzarako egin zuen ahalegina, prosa bera baino gehiago".
Ildo horretan, Axularren testuak "ozenki irakurtzeko" eginak
daudela uste du, bere baitan daramaten "musikaltasunagatik",
eta horrela "ahozkotasunaren efektua lortzen dute".
Gero-ren
irakurraldiaren alde, hamabost hauek bezalako beste hamabost eta beste
hamabost arrazoi gehiago bilatzea erraza litzateke. Hainbat eta hainbat
dira Axularren liburuaren gorentasunaz mintzatu diren adituak. Eta hari
beretik, hona kanpainarentzako lelo moduko bat, orain arte esandako
guztia ondo baino hobeto laburbiltzen duena: “ Gero irakurtzea
festa egitea da”. Festa honen bitartez, gure errekonozimendua
erakutsi nahi diegu ikasleei, baina ez edonola, baizik
eta publikoki, gizarte osoaren aurrean.
Errekonozimendu
hori adierazteko modu asko egon daitezke, dudarik gabe. Guk ikasleen
hizkuntz-gaitasunari lotutako jarduera baten aldeko apustua egiten dugu.
Gainera, uste dugu hala gertatu ohi dela ahalegin edo esfortzu handia
eskatzen duten bestelako jardueretan ere. Izan ere, nola ematen zaizkio
eskerrak bere dedikazioagatik, adibidez, musika jotzen ikasten ari den
pertsona bati? Bada, beraren joaldi bat entzunez. Nola ematen zaizkio
eskerrak dantza egiten ikasten ari den bati? Bada, beraren dantzaldi
bat ikusiz. Nola sukaldaritza ikasten ari den bati? Bada, berak prestatutako
jaki bat dastatuz.
ELKARLANek
bultzatu nahi duen irakaskuntza-eredua integratzailea da, hots, bizia
eta eguneroko beharrizanei egokitua. Eskolek jakin-minaren pizgarriak
izan behar dute. Bertan ikasleari entzun eta hark behar eta erabiliko
duen euskara jorratuko da. Kurrikuluek, programazioek, teknologiek,
eta abarrek ezer gutxi balio dute, baldin eta euskaraz komunikatzen
garenon komunitatea zabaldu, handitu eta aberastera zuzenduta ez badaude.
Bidea zein den ikasleek berek erakutsi digute, hau da, etxean zein lagunekin
zein lankideekin euskaraz mintzatzen diren // mintzatu
nahi duten herritarrek, euskaraz irakatsi nahi duten irakasleek, seme-alabekin
euskaraz hitz egin nahi duten gurasoek, euskaraz jolastu nahi duten
haurrek, euskaraz aritu nahi eta behar duten funtzionariek, Interneten
nabigatu nahi duten gazteek,...
Hau
da “Gero-ren irakurraldia”ren testuingurua. Guk argi dugu helburua:
gizarteko ahalik eta sektorerik gehienak bertara biltzea. Asmo hori
buruan, eragile sozial guztiekin hitz egingo dugu, irakurraldian parte
har dezaten. Ez dago esan beharrik, herritar solteei ere luzatuko diegula
gonbitea. Irakurleak 400 izango dira eta saioak hamabi ordu iraungo
du (08:00-20:00).