Pedro
Agerre
Pedro Agerre Azpilkueta edo "Axular" (Urdazubi, 1556- Sara,
1644ko apirilaren 8a) apaiza eta euskal idazle handienetarikoa da.
Jaiotzez nafarra, goitizena bere jaiotzezko "Axular" baserritik
datorkio, Lapurdiko mugan dagoen Urdazubikoa. Herri horrek Zugarramurdi,
Ainhoa eta Sararekin batera, Xareta izeneko eskualde naturala osatzen
du.
Salamancako Unibertsitatean ikasketak egin eta apaiztu ondoren, Donibane
Lohizunera jo zuen. 1600ean, Sarako parrokiako erretoretza eskuratu
zioten, eta hantxe bizi izan zen, hil arte.
Idazle, sermolari eta hiztun oparoa zen. Horregatik izango zuen horrenbeste
eragin eta itzal sasoi hartako eta geroagoko euskal idazleen artean.
Haren luma trebeak dotorezia ordu arte ezezaguna erantsi zion euskarari.
Esaldi luze eta korapilotsu samarrak ditu batzuetan, laburrak eta trinkoak
besteetan, baina mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.
Axular eta haren taldeko lagunek urratutako bideari jarraituz, beste
elizgizon batzuek ere landu zuten mende hartan lapurtera, adibidez,
Harizmendi, Gazteluzar eta Pouvreau-k. Haiekin batera, Arnaut edo Allande
Oihenarte zuberotar idazle sekularrak ere euskal letrak gora eraman
zituen.
Gero
Euskal literaturaren historian lehen prosazko liburu originala da. Joannes
Leizarragaren itzulpena eta XX. mendean aurkitu ziren Lazarragaren testu
laburrak alde batera utzirik, "Gero" dugu euskarazko lehen
liburu mardula. Euskal idazle klasikoek, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek,
euskal maisulan gisan goraipatu zuten, eta denbora luzez euskara jasoaren
eredu izan da. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok, liburua
ia osorik bizkaiko euskarara itzuli zuen; beraz, Axularren ospeak bizkaierazko
literaturan ere eragina izan zuen.
Axular hil baino urtebete lehenago inprimatu zen, 1643an. Inongo mistikarik
gabe, irakurlearen jokabidea aldarazi nahi du: kristauari zeinen arriskutsu
izan dakiokeen arimaren zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko
betebeharrak biharko uztea, beti gerotik gerora luzamendutan ibiltzea.
Liburuaren gai nagusia "Gero dioenak bego dio" atsotitzak
laburtzen du; hori ez da izan, noski, kritikoek maisulantzat hartzeko
arrazoia, Axularren estilo bizi eta aldi berean landua baizik.
Sinonimia darabil, ideiak ahalik eta euskaldun gehienek uler ditzaten
eta argudioak sendotzeko, autore klasikoen eta testu sakratuen aipuak
tartekatzen ditu. Harexen harira, nabaria da latinezko aipuak euskaratzean
erakusten duen sena eta dotorezia.
Izenburuaren bi partetan partitua eta berecia azpitituluak hainbat zalantza
ekarri dizkie adituei. Irakurtzaileari izeneko atarikoan dioenez, bere
nahia liburua bi liburukitan argitaratzea da, baina liburuaren bigarren
zatirik ez da inon ageri. Batzuen ustez, argitaratu gabeko bigarren
zati hura testu galdua izan liteke; beste batzuen iritziz, ostera, bi
parte haiek liburuki baerean batera argitaratu bide ziren, bereizi gabe.
Axular, ipuin tradizionaletan
Axularren ohorezko oroitarria (Sara)Sarako herritar zaharrenek Joxe
Migel Barandiaran etnologoari kontatu ziotenez, Axularrek jakituria
guztia Deabruri zor zion. Deabruak Salamankako leize batean zuen unibertsitatean,
Axular mota guztietako zientzia ilunetan lizentziatu zen. Harixe esker
lortu zuen halako erudizioa eta oratoriarako etorria; hainbesterainokoa,
non Sarako eliztarren oroimenean mendez mende bizirik iraun baitzuen.
Ordain gisa, Deabrua haren itzalaren jabe egin zen, eta hil zen egunera
arte, itzalik gabe bizi beharra sufritu behar izan zuen Axularrek.
WIKIPEDIAN
Euskarazko
literatura
Nafarroako
idazleak
Ipar
Euskal Herriko idazleak
Kanpo loturak
Literaturaren
Zubitegian
"Axular"
Kultur Elkartea