
Sujetu Abertzalearen Bidegurutzeak
“Jainkoaren alde, Aberriaren alde” zen Lauaxeta kristauaren lema sabindarra. Etxebarrieta unamuniarraren Beste nagusia arras desberdina zen dagoeneko. Abertzalearen mundu erlijioso eta erromantikotik urrun, ateismo eta Bilboko giro industrial eta esistentzialista gai harturik sortu zuen Etxebarrietak sujetu abertzale iraultzailea. Baina Yoyesek eman zuen iraultzarik erradikal eta gaurkotuena. Bere bizitza aberriaren kausaren alde emateko prest egotea ez zuen aski izan, aberriaren kausa bera ere sakrifikatu egin zuen sujetu abertzale heroikoaren barne eskakizunari jarraiki.
ETAren hautsa saiakeraren ikuspegi nagusiak laburbilduko dira hitzaldi honetan. ETA-ren sujetu heroiko-trajikoaren hasiera eta aldaketak aztertuko dira: lehen ETA iraultzailearen sorrera, Lauxetarengandik Etxebarrietarengana dagoen jausia, sujetu heroiko klasikoaren gainditzea,... Galdetuko da zer zentzu izan ote lezakeen ETAren errepikapen batek. Zer gelditzen zaigu ETAren “hauts” artean?
Hitzaldi honetan argudiatuko da Yoyes dela eredu nagusia gaurko abertzale ezkertiarrontzat. Bere aldaketak interpretazio desberdinak jaso ditzake, baina hemen emango denak, bere diarioko idatziak oinarritzat harturik, Yoyesen bi erabaki nagusiak aztertuko ditu—ETAn sartzea eta ETA uztea—biak erabaki heroikoak bezala. Burruka armatua abandonatzea “irtenbide pertsonal” bezala ikusi izan ohi da. Yoyesen kasuan abandono hori erabaki metapolitiko bat izan zela argudiatuko da, ez apolitikoa edo indibiduala.
Yoyesek jasan izan zuen dilema bizi du gaur egun ETAk eta bere inguru politikoak. Burruka armatua bere interes politiko oinarrizkoen aurkako oztopo nagusia dela nabarmena izan arren, eta ezker abertzaleak politika egiteko garaia dela garbi azaldu arren, ETAk ez daki nola gaurkotu bere sujetu trajikoa, nola bete ‘askatasun' kontzeptu nagusia eduki berriaz. Yoyesek erakusten dio transizio horren legitimatea. Yoyesek azaldu zuen garbi burruka armatua abandonatzeak ez duela “errendizioa” esan nahi. ETA utzi ondoren ere “askatasuna ala hil” lemak gidatu zuen bere bizitza, baina askatasunaren zentzu oso desberdinean.
Yoyesen ekintza bikoitzak ETAren eta ezker abertzalearen oinarrizko koordenadak aldatu zituela esan daiteke. Gaur eguneko bidegurutzean sujetu post-ETA ezkertiar eta abertzalea zer nolakoa izan daitekeen azaldu zuen. Norberaren zereginari fideltasuna nola gorde erakutsi zuen; batik bat fideltasuna ez dela beti berdin irautea; alderantziz, egoera politikoaren beharrak jarraiki, norberaren transformaketa izan daitekeela fideltasunik benetakoena.
|
|
| Kontaktatu | ||